Euskaraz Bizi Eguneko egitaraua aurkeztu du EHEk

Doka kafe antzokian egindako ekitaldian martxoaren 17an Donostian ospatuko den Euskaraz Bizi Egunari buruzko zehaztapenak eman ditu eragile euskaltzaleak. Bidenabar, webgune berritua eta atxikipen kanpaina ere aurkeztu ditu.

Egun osoko egitaraua prestatu du EHEk martxoaren 17rako. Porrotx, hizkuntza jokabideen tailerra, Patxaranga, ehunka lagunentzako herri bazkaria, kontzertuak… denetarik izanen da aurtengo Euskaraz Bizi Egunean. Horren berri emateko ekitaldia egin zuen atzo eragile euskaltzaleak Donostiako Kafe Antzokian (Doka). Han izan ziren egitaraua osatzen lagundu duten hainbat norbanako eta eragile, hala nola, Euskaraz Bizi Egunari babes osoa agertu dion Donostiako Udaleko Nerea Txapartegi. Donostiako euskalgintzako hainbat eragiletako kideak ere hurbildu ziren; tartean Batzen, Bagerako edota AEKko kideak. Gazte Asanbladetako gazteak ere bertan izan ziren, baita Zigor Etxeburua ere Gipuzkoako Foru Aldunditik. Ez ziren faltatu Kontseiluko Idazkari Nagusi Paul Bilbao, edo EKTko Kontseilari Ordezkari Joan Mari Larrarte.

Egitaraua aurkezteaz gain, Euskaraz Bizi Egunaren baitan eginen den nazio manifestaziorako deia ere luzatu zuen Igone Lamarain EHEko kideak. Gainera, atxikimendua emateko kanpainari ekin zion. Bera izan zen webgune honetan aurki dezakezuen manifestua sinatzen lehenbizikoa. Aurkezpen hauetaz gain, webgune berrituaz ere mintzatu zen Lamarain. Atzotik goza dezakezue EHEren webguneak duen itxura berriarekin. Euskaltzale aldizkaria pdf formatuan irakurtzeko aukera eta iritzi saila dira berrikuntza nabarmenenak. Azken horretan hamabostero iritzi artikulu bat argitaratuko da, euskalgintzako hainbat lagunen kolaborazioari esker.

Egitaraua ikusteko segi irakurtzen…

Egitarau oparoa

Euskaraz Bizi Eguneko egitarauari dagokionez, egun osokoa izanen dela azaldu zuen Lamarainek. Goiz eta arratsaldean Trinitate plazan izanen dira ekimenak, eta herri bazkaria Konstituzio plazan. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeek kontzertua eskainiko dute iluntzean. Nabarmentzekoak dira nazio manifestazio koloretsua eta herri-bazkaria. Hau izanen da egitaraua:

Goizean (Trinitate plazan):

11:00 Txupinazoa, kalejira eta bihurrikeriak Bonberenea Txarangarekin eta Porrotx pailazoarekin.

(Puzgarriak eta haurrentzako tailerrak, azoka, musika, kale-animazioa eta kantu-jira Alde Zaharreko kaleetan barna).

10:30 Hizkuntza jokabideen tailerra San Telmo aretoan.

12:00 Bakarrizketa saioak San Telmo aretoan.

Eguerdian (Konstituzio plazan):

Ehunka lagunentzako herri bazkaria eta kantu jira.

Arratsaldean:

18:30 NAZIO MANIFESTAZIOA  Bulebarretatik hasita. Euskalduna naiz eta harro nago lelopean kalejira alai eta koloretsua eginen da.

Ondoren Patxaranga alde zaharreko kaleetan barna eta herri dantzak Konstituzio plazan.

Iluntzean (Trinitate plazan):

SKAKEITAN, 3GABE2 eta BETAGARRI


Posted on 2012/02/29, in Euskaraz bizi!. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi iruzkina