Sanfermin euskaldunak gozatzeko Depor taberna irekiko du EHEk

Urtero bezala, Jarauta karrikako Depor taberna irekiko du Euskal Herrian Euskarazek. Uztailaren 12an izanen da Euskaraz Bizi bazkaria, eta kontzertuak ere antolatu ditu eragile euskaltzaleak.

Zazpi egun baizik ez dira geratzen suziriak eztanda egin, eta sanferminei ekiteko. Urtero bezala, Euskal Herrian Euskarazek Depor taberna irekiko du Jarauta karrikako 78.ean. Sanfermin herrikoi eta euskaldunak gozatu nahi dituztenendako topagune izanen da taberna uztailaren 14ra bitarte, Bodegika Hezkuntza Tabernarekin batera.

Taberna irekitzeaz gain, hainbat ekimen prestatu ditu EHEk Iruñeko bestetarako. Uztailaren 12an Euskaraz Bizi bazkaria izanen da 14:40ean, eta ondotik Egurra Ta Kitto! talde azpeitiarrak kontzertua eskainiko du 19:30ean. Bazkarirako txartelak Iruñazarra eta Depor tabernetan eskuratu daitezke hamabi euroren truke.

Uztailaren 9 eta 10ean ere kontzertuak izanen dira. Astelehenean Donostiako NPJ eta Txantreako Saskarrak taldeek joko dute, eta ondoren DJaren txanda izanen da. Asteartean, berriz, Txantreako Pottoka Punk taldearen kontzertua izanen da.

Posted on 2012/07/04, in Euskaraz bizi!. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi iruzkina