Eskola euskaldun propioaren beharra aldarrikatuko du EHEk otsailaren 3an

Euskaraz bizi nahi dugulako, eskola euskaldun eta burujabea! Hori izanen da Iruñerriko EHEk plazaratuko duen aldarria otsailaren 3an. Izan ere, euskararen normalizazio bidean eskolak euskalduntzea lehentasunezko jotzen baitu eragile euskaltzaleak. Elkarretaratzea UPNren egoitzaren aurrean izanen da, 19:00etan. Gaur goizean agerraldia egin du EHEk Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aitzinean, eta protestari babesa eman diote AEK, Ikasle Abertzaleak eta Sortzen Ikasbatuaz eragileek. Bestalde, Iruñerriko auzo eta herrietan hamaika atxikimendu jaso ditu eskola euskaldunaren aldeko manifestuak.

Euskalgintzako eragileak Nafarroako Hezkuntza Departamentuan

Erasoei aurre egin eta eskola euskaldunaren aldeko aldarria zabaltzeko deia egin du Iruñerriko EHEk. Azaldu dutenez, euskara menpeko hizkuntza da bere lurraldean mendeetako asimilazio prozesu baten poderioz. “Asimilazio lan horretan irakaskuntzak berebiziko papera jokatzen

du, eta estatuek etorkizuneko pertsona asimilatuak heztea helburu duten hezkuntza sistemak bere horretan mantentzen dituzte”. Aurrera begira eman beharreko urratsak ere azaldu ditu EHEk agerraldian.”Herri euskalduna berreraikitzeko hezkuntza sistema propioaren beharra dugu, euskaldunon izaera babestu eta bizirautea posible egingo duena”.

Gaur goizean irakurritako agiria:

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO, ESKOLA EUSKALDUN BURUJABEA!

Hizkuntza komunitate minorizatua da euskararen komunitatea, 3 milioi biztanletatik laurdenak baino ez dakigu euskaraz. Euskal hiztun guztiak gara gazteleraz edo frantsesez elebidun, mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezko bihurtu ondoren. Gaztelera eta frantsesa bihurtu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz.

Globalizazioak eragina badu ere, ordezkatze prozesu hauen gidariak estatuak dira. Euskal Herrian espainiar eta frantziar estatuak dira ordezkatze prozesuaren erantzule nagusiak. Beraien konstituzioetan argi jasotzen dute zein den hizkuntza hegemonikoa, eta nagusitasun hori mantentzea helburu duten hizkuntza politikak aplikatzen dituzte.

Asimilazio lan horretan irakaskuntzak berebiziko papera jokatzen du, eta estatuek etorkizuneko pertsona asimilatuak heztea helburu duten hezkuntza sistemak bere horretan mantentzen dituzte. Oraindik ere, hiru ikasleetatik bi euskara jakin gabe ateratzen da eskolatik. Asimilazioaren ondorioz gainera, eskolak euskalduntzen ez duela barneratzea oso zaila egiten zaigu, bai eta, euskara berezko hizkuntza izanik berau jakin beharra. Administrazioek euskara jakiteko eskubidea aukerari lotuta bultzatzen dute, eta ez betebehar gisa. Aldiz barneratuta dugu gaztelera eta frantsesa jakiteko beharra.

Mundu globalizatzaileak planteatzen dituen aldaketei dabiltza egokitzen hezkuntza sistema. Ikuspegi “merkantil” batetik bultzatzen dira hizkuntzak, eta horri begira euskara ikasteko beharraren gainetik ingelera ikastekoa kokatu dute.

Erasoak eraso, ez diogu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar diogu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.

AURRERA BEGIRA

Hasteko asimilazio prozesuak gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu duela onartzea dagokigu. Hau gainditzeko, euskaldun izatearen harrotasuna kaleratu eta euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu determinazioz, norbanako zein komunitate gisa. Horrekin batera, ezagutu beharreko eta funtzio guztietarako hizkuntza izendatu beharko da euskara, lehentasunezkoa izan dadin bere lurralde osoan, eta neurriak hartu beharko dira hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko.

Baita irakaskuntzan ere. Herri euskalduna berreraikitzeko hezkuntza sistema propioaren beharra dugu, euskaldunon izaera babestu eta bizirautea posible egingo duena. Euskal Herrian bizitzeko euskara beharrezkoa izanen da, horregatik euskaraz bizitzeko eskolak euskaldundu beharra dauka.

Euskaldun eleanitzak sortuko dituen eskola eraiki behar dugu, euskara ardatz eta lehentasunezko hizkuntza duen eredua eskeiniz. Honen aplikazioa eta bermea gure auzo eta herrietan eman beharko da, egun indarrean dauden eredu arrotz eta hezkuntza gabeziekin behin betiko amaituz.

Berreuskalduntze prozesua garatu ahal izateko aldaketak beharrezkoak dira beraz, orokor eta zehatzak, eta aldaketa hoiei begira garatzen diren jardunekin bidea egin dezakegu. Gu guztion esku baitago asimilazioari ateak ixten hasi eta Euskal Herri euskalduna eraikitzen hastea.

Euskal Herrian Euskaraz

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 26an

Posted on 2012/01/26, in Irakaskuntza. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi iruzkina